Pandemia honen ezaugarri globalak krisia sorrarazi du hainbat arlotan. Ezbairik gabe arlo ekonomikoan baina, baita ere, arlo pertsonalean: balore-eskala irauli egin da, ahultasunaren eta ziurtasun ezaren sentsazioak nozitu ditugu eta babesgabe ikusi dugu gure burua arlo pertsonalean eta kolektiboan, ikusezina den mehatxu baten aurrean. Konturatu garenean uste baino kalteberagoak garela eta egun batetik bestera zerteza guztiak desager daitezkeela, muinera jo dugu, mamira, edozein istripuren ostean bizitza hankaz goratu ondoren funtsezko den gutxi horretara, eta ikusi dugu zein sinplea den egiatan axola zaiguna: norberaren eta maite ditugunen osasuna eta ongizatea. Besterik ez. Hori da oinarri-oinarrizkoa. Gainontzekoa bigarren mailakoa da balore-eskala berrian. Egunerokotasunean hain garrantzitsuak ziren hainbat gauza, hutsalak ez badira ere, bigarren mailara jaitsi dira krisialdian. Lehena lehenengo, eta, gero, gainerakoa.
Begi bistakoa da gauzak ez direla berdin ikusten krisialdi betean egon ala larrialdi egoeratik ateratakoan, martxoaren 13tik 100 egun baino gehiago bete diren honetan. Normaltasunera bueltatu nahiak itzal ditzake konfinamenduan piztutako ideia eraldatzaileak. Baina konbentziturik nago isolamendu garaian egindako hausnarketek nolabaiteko arrastoa utzi dutela norberaren baitan, sakontasun ezberdinetako mailetan, eta intentsitate ezberdinarekin.
Azaleko maila batzuetan erraza da ikustea zer nolako arrastoa utzi duen konfinamenduak: senideak eta adiskideak ikusteko premia, etxeko espazioak etxekideen jarduerari egokitzeko beharrizana, auzoko dendetan erosteko konpromisoa, garraiobide alternatiboak erabiltzeko kontzientziazioa eta oporrak beste modu batera antolatzeko apeta.
Esan bezala, azalekoak dira aztarna hauek, baina zantzua ematen dute nolako aldaketa jazo den giza-kolektiboaren balore-eskalan, eta interesgarria da, kontsumo-ohitura txikiek aldaketa handiak eragiten dituztelako kosmos sozio-ekonomikoan.
Egia da –larrialdi egoera amaitu berritan– pertzepzioa dela jendeak “ahaztu” nahi dituela etxean emandako hilabeteak eta premiaz ari dela aurreko bizimoldera bueltatu nahian, beren “bizitza berreskuratu” nahi duelakoan epe laburrean. Itxuraz hala da. Baina ez da guztiz egia.
Lehena lehenengo, eta, gero, gainerakoa. Irakasgai kolektiboa izan da. Eta lehena da norberaren eta maite ditugunen osasuna eta ongizatea bermatzea, diogun bezala.
Abiapuntu horretatik abiatuta, egin dezagun irakurketa politikoa. Zer da garrantzitsuena kolektibo batentzat eta zeri begiratu behar lioke kolektiboak, edo gizataldeak, antolaketa politikoa eratzeko orduan? Norberaren eta gainerakoen osasuna eta ongizatea. Besterik ez. Sinplea da.
Uste dut Kant izan zela zioena maite, gehienez, dozena bat edo bi dozena pertsona maite ditugula eta beste guztiak (munduan diren 7.000 milioi pertsona) ezin ditugula maite izan, eta maite ez ditugun horiekin elkar bizi ahal izateko, morala behar dugula. Moralari esker, argi ezarri daiteke zer dagoen ondo eta zer ez, zer den onargarria eta zer deitoragarria, zein den araua eta non dagoen muga.
Kantek argi zioen moralak koordenatu espazio-tenporalak dituela, hau da, garai bati eta leku bati lotuta dagoela, eta moralaren azterketa egiten dugunean, begiratu behar diogula garaiari eta lurraldeari bi koordenatu horiek aldatuz gero, irizpide moralak ere aldatuko direlako. Hori da Moralaren Genealogiaren printzipio garrantzitsuena: etika ez bezala, morala aldakorra da, unean unekoa, ezberdina lekuaren eta garaiaren arabera.
Covid-19aren eskutik 2020an nozitu dugun krisiak ez ditu aldarazi koordenatu espazio-tenporalak, egia da. Garai berean gaude (hilabete gutxiko epeaz ari gara) eta espazioa ere ez da aldatu, (inora ez gara mugitu), baina pandemiak badu, izan, balore moralak eraldatzeko gaitasunik, baldin eta badago eraldaketarako borondate argirik, berariazkorik. Krisiak ez du, berez, indar eraldatzailerik. Krisia pizgarria izan daiteke, bultzagarria, baina ez da nahikoa, ez du behar adinako indarrik, eraldaketa ez datorrelako baldintza objektiboetatik, subjektiboetatik baizik.
Ideia batek behar du pertsona batek, edo batzuek sostenga dezatela. Nadine Gordimer idazle hegoafrikarrak zioen moduan, “ideiak ez dira bizi pertsonetatik kanpo”. Pertsonak dira ideiak egikaritzen dituztenak, ez alderantziz.