Hirugarren sintoma da, eztul lehorra. Kultura baldin bada herri baten ahotsa, Euskal Herriarena trabatzen du eztul latz horrek.
Aurreko biez gain, herri baten zutabea da kultura. Kulturak batzen gaitu, kultura da nortasuna ematen diguna. Baina muga administratibo gogortu horien kontrapisua izan litekeen arlo hori ere arriskuan dago.
Itxialdiak eragin duen krisi ekonomikoaren kezka maiz aipatzen da, eta, dudarik gabe, ondorio kaltegarriak izanen ditu gure herriarentzat. Baina erakunde publikoetatik adierazi den grina ekonomia produktiboari eta finantzen arloari buruzkoa izan da, nagusiki. Gutxi kezkatu dira kulturaren ekonomiaz. Eta hor dago herri gisa daukagun beste mehatxu bat.
Kultura beharrezkoa da gizarte baten osasunerako, hala nola ezagutzan hazteko, pertsonen pentsamendua eta kritikotasuna garatzeko, kolektiboki antolatzeko, elkarrekin gurutzatzeko eta sozializatzeko. Kultura osasungarria da pertsonentzat, herri batentzat, eta baita ere herri horren egoera ekonomikoarentzat. Kultura gutxiesten den lekuan, herritar akritikoagoak daude, demokrazia ahulagoa da. Herrialde batzuetan garrantzia ematen zaio kultura sostengatzeari, sektore ekonomiko garrantzitsua eta aberastasun sortzailea izateaz aparte, herritarren hezkuntza hoberako ezinbesteko tresna delako.
Euskal Herrian, euskal kultura, lehendik ere egoera ahul, gutxitu eta prekarioan zegoena, larrialdi ikaragarri batean dago, pandemia honen ondorioz. Eta badirudi erakundeen lehentasunetatik urrun dagoela beste sektore batzuetarako iragarritako milioiak ematea kultura salbatzeko.
Langileen osagarriaren kezkaren gainetik, lantegiak ixtearen kontra zeuden patronala eta patronalaren sokako politikariak; eta lantegiak itxi diren leku eta garaietan, itxialdi laburra izan da. Haatik, zinema gelak, antzokiak edo kontzertu gelak ezin izanen dira ireki, jaialdiak eta abar ezin izanen dira antolatu oraino nork daki zenbat hilabetez! Bertsolariak langabezian daude, bertso-saiorik gabe eta, beraz, irabazpiderik gabe. Antzerkitik bizi direnen egoera antzekoa da. Kantariak isilik daude. Liburutegiak eta liburu-dendak itxita, liburu azokak ezeztatuta, argitalpen zerbitzuak geldirik, udaberrian atera behar ziren liburuak argitaratu gabe, eta udazkenekoez duda anitz… Nolakoa izanen da geldialdi luze horren biharamuna euskal literaturarentzat, musikarentzat, bertsolaritzarentzat eta abar?
Kultura oro har dago krisian. Ez bakarrik euskal kultura. Egia da. Baina krisi honek are bortizkiago jotzen ditu kultura gutxituak. Jendeak kultura kontsumitzen jarraitzen du, ekoizpen berriak geldirik izan arren. Ikus-entzunezko produktuak heltzen zaizkigu, telebistatik edo streaming plataformetatik, liburu elektronikoak deskargatu litezke, musika entzun liteke… Eta kulturaren supermerkatu birtual horretan, euskararen lekua ñimiñoa da. Dozenaka edo ehunka film edo serie edota milaka liburu dauzkagu eskuragarri. Eta euskaldunek ere ikusten ditugu mundu osoan ikusten diren saio berak. Ez dira euskaraz bikoiztuak, eta euskarazko azpitituluak ere ez dira eskaintzen plataforma horietan. Frantsesez edo espainolez idatziak edo hizkuntza horietara itzuliak diren liburuak irakur ditzakegu, aise. Eta hori da laugarren sintoma: karkaxaren ekoizpena.
Euskal kulturak jasan duen geldialdi luze hori sekulako ostikoa da gure sortzaileentzat, kulturatik bizi diren langile eta enpresentzat eta, baita ere, gure herriarentzat eta euskararentzat. Horra bosgarren sintoma: nekea.
Eta etorkizun beltza iragar liteke euskal kulturarentzat, euskal hedabideentzat eta euskalgintzarentzat, oro har. Krisi orokor honek utziko duen gastu orokor itzelak erran nahi du diru-laguntzak murriztuko direla, eta litekeena da publizitate sarrerak ere urritzea. 2008ko krisi ekonomikotik burua altxatzen hasi berritan, orain datorkiguna suntsitzailea izan liteke.